Arg: @Katubi
KANPOAN

Bertsolaritza, ahozkotasunaren giltza

Gizakia animalia soziala den neurrian, ondoko lagunari edo lagunei adierazi nahi diena ongi, egoki, eta argi esaten jakiteak ez du preziorik, idatziz zein ahoz. Eta, jakina, idazteko gaitasunak lantzen ditugun moduan, ahoz komunikatzeko gaitasuna ere landu eta hobetu daiteke. Horretarako bide bat bertsolaritza dugu.

Nafarroako eskola askotan, euskaraz ikasten duten 5. edo 6. mailako ikasleek ordubeteko saioa izan ohi dute astero: gure kulturako zein munduko beste txokoetako doinuak abesten dituzte, errima familiak ezagutu, haien lehen koplak eta bertsoak sortu, eta beste ezeren gainetik, euskararekin jolastu. Ariketa parte-hartzaile eta ludikoen bidez, sormena lantzeaz gain, jendaurrean egoten, talde-lanean aritzen eta hizkuntzaz gozatzen ikasten dute.

Askok bertsotan “oinez egiten” ikasgelan ikasten dute eta ondoren bertso-eskoletara egiten dute jauzi. Jada irekia da Nafarroako bertso eskoletan izena emateko epea. Hala, 2019ko datuen arabera, Euskal Herrian 1.800 bertsolari inguru biltzen ziren eskola hauetan,  horietatik 1.300 inguru hamalau eta hemezortzi urte arteko gazteak ziren. Bertsolaritza barnean sortzen da, baina jendaurrean gertatzen da. Hasieran ikasgelan, baina poliki-poliki bertsolari gazteek karriketara, plazetara eta taula gainera ere jotzen dute.

Era askotako bertso-saioak badaude ere, ezinbesteko hitzordu bilakatu dira bertso-txapelketak. Horretan ere, herrialde mailakoak eta Euskal Herrikoak daude, gazteentzako berariaz prestatuak edo txapelketa nagusiak. Hala, Barañaingo Beñat Astiz izan genuen Eskolartekoan 2022ko Nafarroako txapelduna eta Saioa Alkaiza 2021eko Nafarroako txapeldun. Eskolartekoa urtero egiten da, eta Nafarroako bi urtean behin.

Une honetan Euskal Herriko txapelketa nagusiari ekin zaio eta aurtengo nobedade nagusia dugu Iruñean ospatuko dela final handia, abenduaren 18an. Horren aitzin, beste bi sailkapen-saio izanen dira Nafarroan, urriaren 9an lehen faseko saio bat Lizarran eta 22an finalaurreko bat Elizondon. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu daitezke.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat