Istorio guztiek hasiera bat duten bezala, eta hasieratik ekitea komeni denez, ezer baino lehen galdetu diezaiogun geure buruari: Zer da irakurzaletasuna? Nondik dator? Ez al dugu jaiotzetik?
Intza Alkainek, Galtzagorri elkarteko kideak, honakoa dio: “Irakurzaletasuna haurrak liburura hurbiltzea da, beraiek nahi dutelako, eta gogoz, alegia, liburuak beraien kabuz zabaltzea eta irakurtzen disfrutatzea. Eta ez hori bakarrik, hori ohitura bihurtzea ere”.
Irakurmena, hau da, testu idatziak ulertzeko gaitasuna eskolan landu eta etxeko lanekin lotu ohi da. Izan ere, eskolaren funtzioa da irakurle konpetenteak lortzea. Zaletasuna, aldiz, eremu horretatik kanpo kokatzen da, nagusiki familiari baitagokio hura sustatzea. Eta artikulu honek, hain zuzen ere, horri loturiko proposamena dakar: irakurtzeko zaletasuna elikatzea.
Zaletzea! Horra hor helburua. Beraz, seme-alabak maizago irakurtzen ikusi nahi baditugu, helburua zaletasuna sortzea edota areagotzea dela oso argi eduki behar da. Izan ere, ez da gauza bera ongi pasatzeko, alegia, disfrutatzeko irakurtzea eta informazio zehatz bat eskuratzeko irakurtzea. Wikipedia irakurrita nekez lortuko dugu umea zaletzea. Baina, istorio polit bat aukeratuz gero, oso bestelakoa da kontua. Horixe ba gakoa, haurrei gustatuko zaizkien istorioak aukeratzea.
Eta hortik salto Gianni Rodari idazlearen esaldi batera: “Irakurzaletzeko ‘kutsatua’ izan behar duzu, zaletasuna transmititu baitaiteke pertsona batetik bestera”. Denak kutsatzera ba!
Beraz, plazera da giltza, eta gainera, plazer hori edonork transmiti dezake.
Eta dena borobiltzeko, hona irakurzaletzeko giroa sortzen laguntzeko gako batzuk:
-
Ez eskatu haurrei ezer ordainetan. Ez lotu betebehar batekin, plazerarekin baizik.
-
Liburuak eskaini eta eskura jarri, eta genero literario ugaritakoak: narrazioak, ipuinak, album ilustratuak, komikiak, liburu interaktiboak eleberri grafikoak, aldizkariak, dibulgazio liburuak… Eduki dezatela gehien gustatzen zaiena deskubritzeko aukera.
-
Haurrekin irakurri, beraiekin batera edo elkarren ondoan. Liburu bera irakurri dezakezue, bakarka edo elkarrekin. Horrela, liburuari buruz luze hitz egiteko aukera izanen duzue, irakurketaren efektua biderkatuz. Izan ere, irakurketa liburuari ekin aurretik, bitartean eta amaitutakoan ere gertatzen den zerbait da. Eta, horrekin batera, konstantzia. Zaletasuna ohitura bilakatzeko ezinbesteko aldagaia.
-
Irakurketa mota ezberdinak egin, jolastu, irudimenari eragin. Ez da zertan hasieratik bukaerara irakurri. Adibidez, liburuaren hasiera irakurri eta jolas bat egin daiteke, nork bere amaiera irudika dezan. Azalek ere jolaserako tartea ematen dute: ea zeinek asmatzen duen istorioaren muina azalari begiratuta… Horrela, gainera, ahozkotasuna ere lantzen da.
-
Askotariko formatuak daudela gogoratu. Paperezko liburuek ez ezik, bideoipuinek ere askotan testua irakurtzeko aukera ematen baitute.
-
Ez lotu irakurketa arlo akademikoari.
Eta bukatzeko, gogoratu gurasoek euskaraz ez jakiteak ez duela haurrak irakurzaletzeko eragiten. Azken batean, goiko gakoetako gehienak edonoren esku daude. Eta beste batetik, oso interesgarria da beste hizkuntza batzuetan ere irakurtzea, horrek erraztu baitezake euskarazko irakurketara ere hurbiltzea.
Bideo honetan irakurzaletzeko euskarazko liburuak eta baliabide batzuk:
CC BY-SA 4.0