ARG: Pixabay
12 hilabete, 11 aukera
BALIABIDEAKKANPOAN

12 hilabete, 11 aukera

Urtea hasi berri da eta harekin batera, euskararekin gozatzeko hamaika aukera berri. Hona hemen, laburrean, 2025erako hilabetez-hilabeteko proposamen sorta:

Urtarrila: aurrematrikula eskoletan, partekatu esperientzia

Eskoletako aurrematrikulazio garaiaren atarian, inguruko guraso batzuek zalantzak izan ditzakete ikastetxea edota hizkuntza-eredua aukeratzeko orduan. Zenbaitetan eskolen ate irekietara jotzen dute zalantzak argitzera eta beste askotan jada euskarazko ereduan haurrak dituzten gurasoengana jotzen dute, aholku eske edo, batez ere, esperientziagatik galdezka. Esperientzia pertsonala da, baina aholkurako laguntzarik nahi? Urte hasiera izan daiteke momenturik egokiena. Hemen guraso euskaldunek maiz egindako galderak eta hemen guraso erdaldunek maiz egindako galderak (hainbat hizkuntzatan).

Otsaila: gurasoen prestakuntza aroa, ERA Eskolen IV. edizioa

Seme-alaben hazkuntzan badira une edo fase garrantzitsu batzuk non komenigarria den hausnartzea zer leku izanen duen euskarak. Besteak beste, jaioberritan, eskolako lehen ikasturtean, eskolaz kanpoko jardueretan hasten direnean… ERAren Gurasoentzako aholkuak atalean pista batzuk dituzu.

Horrekin batera, ERA Eskoletan (guraso eskola telematikoetan) adituek hartzen dute hitza askotariko gaien inguruan, hala nola: “Familia euskaldunetan euskara sendotzeko arrazoiak eta bideak” edo “Euskara, sareko baliabideak, Google tresnak eta zibersegurtasuna”. Otsailean, ERA Eskolen edizio berriarekin, hiru gai berri jorratuko ditugu, adi sareari!

Martxoa: euskarazko udalekuen izen ematea

Ba al dakizue Edurne Azkarate bera, Irati filmeko aktorea, txikitan euskarazko udalekuetan ibilia dela? Oroitzapen bikainak ditu, eta bereziki azpimarratzen du zeinen garrantzitsuak izan ziren udalekuak euskaraz gustura aritzeko. Nerabezaroan oso  garrantzitsua da lagun berriak egitea, abenturak bizitzea eta bizipenez betetzea. Bada, oroitzapen horiek euskaraz ere sortzea oso garrantzitsua da. Urtero, martxoa-apirila aldera, Udalekuen informazioa argitaratzen du ERA-k.

Apirila: natura eta euskara, planak eta ibilaldiak

Jakina da zeinen onuragarria den etxeko txikiei ipuinak kontatzea: lotura afektiboa lantzen da, barrura begiratzeko aukera zabaldu, hitz berriak erabili, irudimena piztu, jakin-mina areagotu eta, batez ere, gozamenean murgiltzen dira. Eta zer esanik ez ibilaldiak eta planak familian egiten direnean. Hala, ERA.eus-en eskura dituzu ipuin-paseoak edo txoko berezietara bisitak egiteko aukerak: baleen bila ibili, Peru-harri bisitatu, erlezaintzari buruzko interpretazio gunea ezagutu…

Maiatza: Euskaraldia

Maiatzaren 15etik 25era Euskaraldiaren laugarren edizioa antolatuko da. Euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da. Hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitzea da helburua, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz. Izan ahobizi edo belarriprest eta parte hartu!

Ekaina: oporretako planak ere euskaraz

Udako oporraldiak aukera aparta dira plan politak familian egiteko. Igerilekuko hamakan irakurtzen ari garenean esaterako, euskararen erabileran eragin dezakegu, ohitura onak transmititzen arituko baikara. Hondartzan, mendian edo etxean, zauden tokian zaudela, askotariko proposamenak ditu ERA-k.

Uztaila eta abuztua: udan blai

Udaldia garai bikaina da etxeko txikiekin euskarazko aisialdia indartu eta euskarazko kultur programazioaz gozatzeko. Euskarazko planak barra-barra ditugu eskura.

Iraila: eskolaz kanpoko ekintzen izen-ematea

Hil honetan, eskolei ekitearekin batera, haur zein helduen arratsaldeak antolatzen ditugu. Familia osoaren ordutegi eta egutegia bateratzen saiatzen gara: zunba, musika eskola, pintura, xakea, legoa, eskubaloia… Honetan ere komeni da euskararen betaurrekoekin begiratzea eskaintzari. Zaletasunak euskaraz eta lagunekin praktikatu ahal izatea, zalantzarik gabe, aprobetxatu beharreko aukera da!

Urria: izena eman Mintzakide programan

Solaslagun, Mintzalagun, Mintzakide, Berbalagun, Parkelagun… izen ezberdina eduki arren, denak dira mintzamena lantzeko proiektuak eta gurean ere badira hainbat. Izan formatu arruntean edo gurasoentzako talde berezietan, anima zaitez euskara ostatura, plazara eta jolastokira eramaten eta izena eman.

Azaroa: udazken kulturala

Udazken bete-betean, etxeko goxotasunean edo eta naturak eskaintzen dituen paisaia ederretan euskaraz murgiltzeko tartea zabaltzen da. Alde batetik, etxean euskaraz jarduteko hainbat baliabide eskaintzen ditu ERA-k, eta bestetik, antzerkiak, tailerrak, ipuin-kontaketak… jasotzen dituen Nafarroako agenda kulturala ere proposatzen du.

Abendua: oparietan ere euskara, euskarazko produktuen katalogoa

Neguko oporretan eros daitezkeen opariei begira, Euskarazko Produktuen Katalogoak merkatuan dauden produktuen artean hautaketa sakona egiten du urtero, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta: www.katalogoa.eus.

Gomendatutako liburuak edo mahai-jokoak ezagutzen dituzu? Bada, hona hemen ERA-k Dindaiarekin elkarlanean egindako mahai-joko hautatuen bilduma eta Galtzagorriren ezinbesteko liburuen zerrenda.

 

CC BY-SA 4.0